22. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi zuen atzo AEK-k. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 31n irtengo da Amurriotik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa zeharkatu eta gero, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean.
Tartean, noski, Korrika Nafarroako hainbat herri eta hiritatik igaroko da. Iruñerrira apirilaren 2an helduko da, Sakanatik. Goizeko 9:00etan iritsiko da Berriozarrera. Alde Zaharra eguerdiko ordu batean zeharkatuko du.
Esan gabe doa 22. Korrika iaz zela egitekoa eta pandemiarengatik atzeratu behar izan zutela. AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek Metropoli Forala saioan azaldu duenez, “ikusita nola garatu den pandemia, ez dago jakiterik zein egoeratan egongo garen bi hilabete barru”. Nolanahi ere, “balizko eszenario guztiak” aurreikusten ari dira, eta horietara guztietara moldatzeko neurriak prestatzen.
“Ziur gara, hartu beharreko segurtasun neurri guztiak hartuta, ohi bezala Iruñeko kaleak euskaltzalez beteko direla eta Korrika zoragarria izango dela Iruñean”, adierazi du Iribarrenek gure mikrofonoen aitzinean.
AEK-ko ordezkariak atzo Nafarroako Parlamentuan izan ziren, Unai Hualde presidentearekin bilera egiten. Topaketa horretan, Korrikarekin elkarlanean jarraitzeko gonbita egin zioten, eta halaber “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu zieten parlamentuan ordezkaturik dauden indar guztiei.
Foru parlamentariok 2022rako aurrekontuak onartu berri dituzte, eta horietan helduen euskalduntzerako laguntzak nabarmen igo dira, ia milioi bat euro. Iribarrenen aburuz, “igoera ongi dago, baina ez da aski”. “Gure sektorea estrategikoa da euskalduntzean, eta aurrerapauso handiagoak eta laguntza hobeak behar ditu. Horregatik egiten dugu Korrika”, azaldu du AEK-ko koordinatzaile nagusiak.