Parlamentarien solasaldia

“Maia eskuin muturraren diskurtso xenofoboa elikatzen ari da”

Juan Kruz Lakasta 2022ko urt. 19a, 13:50

Iruñeko alkateak bakarrik dauden migratzaile adingabeei buruz egindako adierazpenak aztertu ditugu gaur, Metropoli Foraleko parlamentarien solasaldian, Geroa Baiko Maria Solanarekin eta EH Bilduko Bakartxo Ruizekin.

Maria Solanaren aburuz, “onartezina da inolako daturik gabe halako akusazioak egitea”.  “Oso larria da. Esan dituen basakeria hauen aurrean, atera dira datu asko, eta ikusten ari gara ez dela egia. Baina egia balitz ere, zer? Horrek zer esan nahiko luke? Bestelako irakurketarik egiteko eta bestelako proposamenik egiteko gauza ez bada, ez da Iruñeak behar eta merezi duen alkatea”, salatu du. Geroa Baiko parlamentariaren arabera, “datu okerrak darabiltza Maiak, eta hoberena litzateke hauteskundeetan ere datu okerrak lortzea”.

Bakartxo Ruizen irudikoz, “erabateko arduragabea izaten ari da alkatea”. ”Eskuin muturrera jotzen ari da eta eskuin muturraren diskurtsoa elikatzen ari da. Halakorik balego ere, halako ardura politikoa duen pertsona batengandik espero beharko genuke zioetara jotzea, konponbideak jartzea, ikustea udaletik zein ekarpen egin diezaiokeen elkarbizitzari eta garatzen ari diren plan eta estrategiei, adibidez, Xenofobiaren Aurkako Plan onartu berriari”, gaineratu du. Gauzak horrela, Ruizen iritziz, “iruindarrok ez dugu halako alkaterik merezi”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!