Sara Pinaren hilketa matxistaren ustezko egilea, José María Uruñuela Ansó, Tuterako Epaitegiari entregatzeko agindua eman du gaur Poitierseko Apelazio Auzitegiak. Hala jakinarazi dute gaur Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik.
Pina aurreko astean erail zuten Tuteran, eta bere bikotekidea biharamunean atxilotu zuten Frantzian. Espetxeratzea erabaki zuten Nafarroako epaileek bere aurkako euroagindua jakinarazi zitzaionean. Orduz geroztik atxiloturik egon da Poitierseko Apelazio Auzitegiaren erabakiaren zain. Gaur erabaki dute Nafarroara ekarriko dutela epaitua izan dadin, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
Jose Luis Arastik, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, adierazi du lanean ari direla atxilotua "ahalik eta epe laburrenean" ustezko hiltzailea Tuterara eraman dezaten, baina gogorarazi du estradizioen epea "hiru egun eta astebete artekoa" dela.
Foruzainen ikerketaren arabera, Uruñuela da bere emaztearen heriotzaren egilea. Urtarrilaren 10ean, aurreko astelehenean, Sara Pinaren gorpua aurkitu zuten, hainbat labankadarekin, horietako batzuk sabelean.