Foruzaingoa Sara Pinaren heriotza ikertzen ari da Tuteran. Gorpua bere etxean aurkitu zuten atzo, 10:30ak aldera. Tuterako Instrukzioko 1 zenbakiko epaitegiak zuzentzen du Foruzaingoaren Polizia Judizialeko agenteek egiten duten ikerketa. Senarra da susmagarri nagusia. Tuterako guardiako epaileak J. M. U. a, Tuteran hildako emakumearen senarra, atxilotzeko agindua eman du.
Hilketa egin ostean, gizonak Espainiatik alde egin zuen eta Frantzian aurkitu dute, Boiseredonen.
Urtarrilaren 8tik 9ra bitartean "hainbat labankadaz" eraso egin ziolakoan atxilotu dute.
Epaileak Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. auzitegiari igorriko dio auzia, emakumearen aurkako indarkerian espezializatutako organoari.
Hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aterian, parlamentari eta gobernuko ordezkariek. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek "emakumeen aurkako indarkeria" gisa definitu du. Barne kontseilariak gaineratu du ezin duela argibide gehiago eman. "Ikerketa ildo desberdinak zabalik dira, baita ere ebaztea genero indarkeria kasu bat dela, baina oraindik ikertzen ari da Foruzaingoa, estatuko segurtasun indarrekin elkarlanean", adierazi du.
Poliziak hilketa matxista baieztatuko balu, 2022an Nafarroan hil duten lehen emakumea litzateke Sara Pina. 2021. urtean emakume bat hil zuten. 2003. urtetik, 19 dira eraildakoak, Nafarroan