Zein den lan hitzarmenaren negoziazioaren egoera?
Negoziazioren egoera oso larria da. Maiatzetik ari gara, ia bederatzi hilabete eman ditugu. Lau sindikatuok planteamendu bateratua eman genion patronalari; eta ordutik, hainbat bileraren ondotik, patronalak ez du aldarrikapen bakar bat ere onartu. Langileen lan baldintzak duinduko lukeen ekarpenik ez du egin.
Zein lan baldintza dituzte egun langileek zahar etxeetan?
Nafarroan lan hitzarmenik ez dagoenez, oso lan baldintza ezberdinak dituzte zentroaren arabera. Zenbaitetan hitzarmen estatala, minimoa litzatekeena, ez dira betetzen ari. Horren arabera, langileek 1.792 ordu egin behar dituzte lan urtean, soilik asteburu bat daukate deskantsatzeko hilean eta beraien oinarrizko soldata gordinik ez da iristen 1.000 eurora. Gainera, gaueko lanorduak ez dira bi eurotara heltzen. Horri gehitu behar zaio lan karga handiak dituztela eta oso jende gutxi dagoela sektorean lanean.
Kontseilariak esan du espero duela aurtengo lehen seihilekorako egoitzen esparru akordio berria lizitatuta eta konponduta egotea. Posible izanen dela uste duzue?
Nafar gobernuaren esku dagoen esparru akordioa ixtea agian posible izanen da. Horretan guri ez digute aukerarik eman planteamendurik egiteko. Lan hitzarmen duin bat lortzeko baliabide nahikoak jarriko ote dituen mahai gainean? Zalantza handiak ditugu. Ziur gaude patronalarekin kudeatu duen esparru akordioak enpresa horien irabaziak bermatuko dituela. Esparru akordioa aitzakia gisa erabiliko dute, hitzarmen duin bat ez lortzeko. Aurre ikusten dugun gertaera bat da hori.
Greba gehiago aurre ikusten dituzue?
Seguruenik hemendik gutxira ez dugu lortuko lan hitzarmen duina. Gaurko eguna pasata lau sindikatuok elkartu beharko gara eta hurrengo mobilizazioak planteatu beharko ditugu. Grebaren aukera hor egonen da.
Gaurko jarraipena zein den ere ikusi beharko dugu. Gobernuak jarri dituen zerbitzu minimoak gehiegizkoak dira. Jaiegunetako langile kopuru berdina egon beharko da gaur lanean. Miserikordian, adibidez, jai egunetan ea asteburutan baino langile gehiagok lan egiten dute. Hori da gobernuaren jarrera.