Oraindik ere, datuak biltzen ari da Sare Herritarra. Baina, behin behineko zenbatekoen arabera, larunbatean 5.000 lagun inguru atera ziren Nafarroan, kalera. “Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean” lelopean, salbuespen legediarekin amaitu eta aurrera egiteko eskaria zabaldu zuten, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko.
Atarian, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak espetxe legedia defendatu zuen ostiralean, zuzenbide estatu batean beste edozein lege aplikatzen den bezala, "legezkotasun parametroekin eta dagokion kontrol jurisdikzionalarekin” aplikatzen dela esan zuen. Hala izan dadin itxaropena agertu du Mundiñanok, Euskalerria Irratian.
Larunbateko mobilizazioek babes zabala jaso dute. EH Bilduk, gehiengo sindikalak eta Kataluniako ordezkaritza zabal batek bat egin du eskariekin, eta aldarrikapenean gero eta gehiago direla adierazi du Sareko ordezkariak. EAJ alderdiak, berriz, ez du parte hartu mobilizazioetan, negoziatzeko garaia dela argudiatuz. PPk fiskaltzaren aurrean salatu ditu Sareren martxak.