Kirmen Uribe: “Liburua idaztea oso zaila izan da, baina emaitza irakurtzen oso erraza dela diote denek”

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 3a, 13:28

Kirmen Uribek Izurdeen aurreko bizitza eleberria aurkeztuko du gaur 19:00etan, Katakrak liburu dendan, Euskalerria Irratiko kazetari Juan Kruz Lakastarekin batera.

Metropoli Forala saioan azaldu duenez, Uribek liburuan bere ama eta izeba omendu nahi izan ditu. Hirurogeita hamarreko hamarkadan feminista militanteak izan ziren biak ala biak, eta eragin handia izan zuten haren formakuntzan. “Hezkuntza ezberdina jaso genuen, ez katolikoa, askea, eta hein handi batean horren emaitza gara”, azaldu du idazle ondarroarrak.

Amaren eta izebaren profileko pertsona baten peskizan hasi zen, eta modu horretan topatu zuen, interneten bitartez, New Yorkeko liburutegi publikoaren webgunean, liburuaren erreferente nagusia, Rosika Schwimmer. “Emakume ikaragarria izan zen. Sufragista, bakezalea eta indar handikoa. Tamalez komunistatzat jota ahantzarazi nahi izan zuten”.

New Yorkeko liburutegi publikoaren beka batekin joan New Yorkera joan zen Uribe, Schwimmer ikertu eta liburua idaztera. Liburuaren lehen zatian prozesu horren berri ematen du Uri alter egoaren bitartez, autofikzioaren bidetik. Baina bigarren zatian beste ahots bat sartzen da, Nora Uriren bikotekidearena.

Liburuaren egitura asko landu du Uribek. Eta harro dago emaitzarekin, idazten oso zaila izanagatik irakurtzen oso erraza delakoan.

Izurdeen aurreko bizitza gaur arratsaldean aurkeztuko du Katakrak liburu dendan, arratsaldeko zazpietan.

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!