Nafarroako Gobernuak eskatu du 112 telefonoa "soilik larrialdi egoeretan" erabiltzeko

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 31a, 13:02

Anbulantzia bat, artxiboko irudian.

Ohar bidez egin du atzo Remirez presidenteordeak aitortutako "tentsioa" apaltzeko ahalegina.

Nafarroako Gobernuak ohar bidez eskatu du 112 telefonora "soilik larrialdi egoeren aurrean" deitzeko. Herritarrei adierazi die SOS Nafarroa telefonoa soilik erabil dezaten "premiazko egoeretarako, eta ez kontsultak egiteko edo bestelako egoerei erantzuteko".

Javier Remirez presidenteordearen kontseilaritzaren parte den Barne Zuzendaritza Nagusiak gogorarazi du "larrialdi-izaera zorrotzik ez duten deiek atzerapenak eragiten dituztela larrialdien arretan eta beste pertsona batzuen istripuen edo egoera kritikoen aurrean erantzuteko denboran". 

Gainera larrialdi zerbitzuaren egoera "tentsio handikoa da" koronabirusaren Omikron aldaeraren eraginez eta horrek aipatutako atzerapenak are esanguratsuagoak egin ditu. 

Era berean, Foru Agintaritzak eskerrak eman dizkie herritarrei "Nafarroako Gobernuaren larrialdietarako baliabideak eraginkortasunez erabiltzen laguntzeagatik; izan ere, haien eskaria handitu egiten da normalean urteko egun hauetan".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!