Markak hautsi dituzte koronabirusaren datuek berriro Nafarroan. Bezperan baino 800 positibo gehiago zenbatuta, 3.237 dira atzo atzemandako gaixo berriak.
Foru Erkidegoan 2.420 positiborekin hasi zen astea, asteburuan egunero mila kasu inguru izan ondoren, baina azken asteetan jasandako gorakada etengabekoa izan da. Nafarroa mila positiboko zifra gainditzen hasi zen abenduaren 21ean, 1.099 kutsaturekin. Aste honetan, kasuak %181 handitu dira eta bi egunetan aurreko asteko totalaren erdia dagoeneko batu da.
Egoerak momentuz ez du nabarmenki tenkatu ospitaleetako egoera baina bestelakoa izan da eragina Lehen Arretan eta Arakatze Sisteman. Hilarak etengabekoak izan dira eta arakatzaileek esku artean duten kontaktuen zerrenda luzea. Egoera honetan eta Lehen Arreta, Arakatzaile Sistema eta Larrialdiak bestela kudeatzeko, positibo baten aurrean erantzuteko eta positiboak atzemateko protokoloak aldatu ditu Osasun sailak. Hauek dira gakoak:
- Sintomak dituztenengan jarriko dute orain arreta:
- Proba diagnostikoak (PCR eta antigenoak) sintomak dituzten kasuetan zentratuko dira, soilik. Ez zaie probarik eginen aurrerantzean, sintomarik gabeko kontaktu estuei.
- Etxean egindako testak balizkoak izanen dira aurrerantzean.
- Autotest proba batean positibo ematen duten pertsonek beren farmaziari edo antigenosfarmacia@navarra.es helbidean jakinarazi beharko dute. Eta ez zaie beste proba diagnostikorik egingo.
- Emaitza positiboa izan duten pertsonak: 10 egunez isolatu beharko dira eta haren osasun-zentroak telefono bidezko jarraipena egingo die.
- Bi SMS jasoko dituzte: Jarduteko jarraibideak dituen bat, eta bestea, beren kontaktu estuei birbidaltzeko. Izan ere, gaixoa izanen da aurrerantzean lan hori egin beharko duena.
- Kontaktu estuek ez dute bilaketa-taldearen deirik jasoko.
- Ez, soilik gaixoaren mezua. Ez dira isolatu behar eta sintomarik ez badute, ez zaie proba diagnostikorik egingo.
- Covid19aren aurkako txertoa duten kontaktu estuek 10 egunez murriztu beharko dute beren bizitza soziala, maskara eraman beharko dute eta zaurgarriekin kontakturik ez izan.
- Txertorik hartu ez dutenek, aldiz, berrogeialdi zorrotza gorde beharko dute 10 egunez, eta sintomak ager daitezen zaindu beharko dute beste 4 egunez.
- Kontaktu estu batek Covid19rekin bateragarriak diren sintomak garatzen baditu, zer egin beharko du?
- Bere osasun-zentrora deitu beharko du antigenoen proba bat egiteko edo farmaziako autotest bat egin beharko du. Positibo ematen badu, isolatu egin beharko da eta bere kontaktu estuei jakinarazi beharko die.
Gaixoak atzeman eta kontaktuak isolatzeko protokoloa aldatzeaz gain, atzo epaileek onartu zituzten Nafarroako Gobernuak proposatutako neurri murriztaileak.