Mikel Irujo: "Energia iturri gisa parkeak behar ditugu"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko abe. 27a, 13:40

Trantsizio energetikoa hiru ardatzetan oinarritu nahi du Nafarroako Gobernuak: elektrifikazioa, auto-kontsumoa eta efizientzia energetikoa. Energiaren inguruko urteko balantzeaz aritu da Iruñerrian Gaur albistegian Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujo.

Nafarroak % 10 murriztu du energiaren kontsumoa 2020an, urtebete lehenago erregistratutako datuekin alderatuta. Baina azken hogei urteetan gora egin du urtetik urtera kontsumoa. Pandemiak baldintzatu du aldaketa, kontseilariak azaldu duenez. Hala ere, garapenean bestelako aldagaiak ere kontuan hartu behar direla ohartarazi du. Duela hogei urte baino herritar gehiago ditu Nafarroak, eta kontsumoa per capita neurtuz gero, beherazkoa da joera. Hori da bidea gobernuko ordezkariaren ustez, efizientzia energetikoa baitu erronka nagusienetakoa Nafarroak, haren aburuz.

Balantzeko daturik azpimarragarrienetako bat da Nafarroan energia berriztagarriaren presentzia handitu egin dela. Egungo sistema energetikoa "zikina, ez-eraginkorra eta garestia" dela adierazi du, eta trantsizio energetikoan Nafarroa bide onetik doan arren, egitekoak asko direla. Elektrifikazioa eta auto-kontsumoa indartzea dira horietako bi. 

Iturriei buruz galdetuta, kontseilariak aitortu du haize sorgailuen eta eguzki plaken parkeak direla bultzatuko dituztenak. Egun Nafarroan enpresek proiektatu diren guztiak ez direla behar nabarmendu du ere, eta gehiago direla herritarren babesa dutenak, ez dutenak baino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!