Navarra Suma Abaurrearen dimisioa aurrekontuak aurrera atera ahal izateko baliatzen saiatuko dela uste dute biok ala biok.
Ruizen aburuz, trileroarena egiten ari dira, eta iruzur demokratikoa ekiditeko, indar independentistak “bere esku dagoen guztia” eginen du Abaurrearen dimisioaren erritmoak kudeatzeko tenorean.
2019ko Txupinazoan ikurrinaren kontura izandako liskarren karietara, 30 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuten Abaurrearen aurka. Eta EH Bilduko zinegotziak dimisioa ematera behartzen duen akordioa lotu du Fiskaltzarekin, Ruizek nabarmendu duenez, “ez baitago judikaturarekin fidatzerik”.
Navarra Sumak 13 zinegotzi dauzka. Gainontzeko indarrek, 14. Baina 2022ko aurrekontuak bi aste barru bozkatuko dituzte osoko bilkuran, eta Abaurreak dimisioa eman eta gero bere ordezkoa izanen den Garbiñe Bueno oraindik karguaz ez bada jabetu, gerta liteke 13na berdintzea eta alkatearen kalitatezok botoa gailentzea.
Maria Solanaren irudikoz, azpikeria demokratiko horren ondorio praktikoak “ez lirateke hain handiak izanen, besterik gabe PSNko Maite Esporrinek argazkian ateratzeko aukera galduko luke bere botoa ez litzatekeelako beharrezkoa izanen”.
Biok ala biok Joxe Abaurrearen balio politikoa azpimarratu nahi izan dute. Solanak politikaren judizializazio bidegabea kritikatu du. Bakartxo Ruizen aburuz, hain justu haren balio politikoaren jakitun zirelako jo zuten Abaurrearen aurka.