Aitor Arnedo Tuterakoa da, ikaslea eta Ikama taldeko kidea. Haren aburuz, legeak sektore askotan egiten du kalte handia, baina bereziki Hezkuntzan. “Milaka kilometro egin behar izaten ditugu, euskaraz ikasi ahal izateko”, salatu du.
Arnedok gogorarazi duenez, Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean badira zenbait ikastola, baina horietara iristea ez da erraza izaten, eta arazoak biderkatu egiten dira ikasleak hazi ahala. “Zama handia da familientzat, eta batxilergoa edo lanbidehezkuntza egin nahi izanez gero are gogorragoa da, Iruñeraino joan behar izaten baitugu”.
Unibertsitatean, ikasle euskaldunek haien hizkuntzan ikasi ahal izateko arazo handiekin segitzen dute. Hain justu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren euskarazok eskaintza handitu dadin, kanpaldia egin berri dute Arrosadiko kanpusean.
Arnedo pozik azaldu da, ekimenak unibertsitateko eragile askoren babesa jaso duelako, konparaziora, NUPeko Euskara Taldearena, baina pozik da, halaber, unibertsitatetik kanpo ere sustengu zabala jaso duelako. “Sindikatuekin harremanetan jarri gara, Kontseiluak ere bat egin du aldarrikapenarekin, eta denon artean Euskararen Legea aldatzea lortuko dugu”.
Argazkian, Ikamako kideak gaurko manifestazioa iragartzeko egindako agerraldian ikus ditzakegu, Hezkuntza Departamentuaren ondoan. (Argazkia: Ikama).