Gobernu-plana foru eta toki administrazioaren berdintasunaren arloko jarduketaren plan zuzentzaile eta orientatzailea da. 2022-2027rako berdintasunaren alorreko agenda politiko eta publikoa jasotzen du. Hortaz, hurrengo urteetarako Nafarroako Gobernuko erakunde eta departamentu ezberdinetan aplikatuko diren neurriekiko lerroa ezartzen du. Ondorioz, Nafarroako emakumeei zuzendutako hainbat neurri, zerbitzu eta baliabide jasotzen dira. "Horietan guztietan, Nafarroako emakumeen hizkuntza-eskubideen bermea txertatu beharra ere badago, izan ere, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, euskaraz bizi nahi duten emakumeek oztopo bereziak dituzte berdintasunerako estrategikoak izan daitezkeen lerro batzuetan", adierazi du Behatokiko zuendariak. Horiek kontuan hartzeak, planteatzen diren neurrien eraginkortasunarekin ez ezik, emakumeen osasun eta segurtasunarekin ere lotura estua dutela uste dute. "Ezin genezake berdintasunean jardun, administrazioak Nafarroako emakumeen arteko desberdinkeria areagotzen duten erabaki eta neurriak zilegiztatzen baditu", adierazi du.
Desberdinkeria horiek gutxitzen saiatzeko asmoz, Hizkuntz Eskubideen Behatokitik hainbat ekarpen eta zuzenketa egin dizkio Gobernuak aurkeztutako planari. Nabarmentzekoak dira, alde batetik, euskara ikasteko baliabide nahikorik ez duten emakumeei bideratutako neurri eta baliabideak eskaintzeko azterketa bat egiteko proposamena, baita hezkuntza-sistemarako berdintasuna lantzeko sortzen diren baliabide eta informazio guztiak euskaraz ere sortuko direla bermatzeko eskaera. Bestalde, emakumeen osasunari lotutako neurri eta baliabide guztietan euskarazko arreta, informazioa eta zerbitzua ere eskainiko dela bermatzea ere eskatu dute.
Planari ekarpenak egiteko "prozesu diskriminatzailea"
Aurkeztutako planaren diseinu-prozesuan hizkuntza-eskubideak behar bezala bermatu ez direla salatu du, halaber, Behatokiak. "Berdintasun legearekiko aurretiko diagnostikoa, ekarpenak egiteko dokumentua eta ardatz bakoitzari dagozkion neurri proposamenak gaztelania hutsean publikatu dira", azaldu du Gaubekak.
Webgunearen euskarazko bertsioaren arabera ekarpenak egiteko epea itxita dagoela agertzen zen, esaterako, eta gaztelaniazkoan, aldiz, epea luzeagoa dela dio. "Ulertezina da berdintasuna helburu duen plan baten prestakuntza berdintasunez ez jokatzea Nafarroako emakume guztiei dagokienez. Horrek, planari berari zilegitasuna kentzen diola uste dugu".
Argazkia: Behatokia