Aitor Agirrezabal (Hatortxu Rock): “Uztaileko jaialdiarekin eta arropa salmentarekin galerak estali ahal izatea espero dugu”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2021ko abe. 1a, 09:56

Abenduaren 18ko jaialdia bertan behera utziko zutela iragarri zuten ostiralean, eta gaur antolatzaileetako bat, Aitor Agirrezabal, Metropoli Forala saioan izan dugu.

Erabakia hartu zutenetik lau egun igaro diren honetan, Agirrezabalek ez du damurik. Argi dauka ezin zutela beste erabakirik hartu, erakundeen jarrera ikusita.

Jaialdia bertan behera uztea erabaki gogorra izan da antolatzaileentzat. Hura antolatzeko prozesua ere gogorragoa izan baita beste zenbait urtetan baino. Pandemiaren poderioz ezinen zutela egin uste zuten. Duela bi hilabete kutsatze kopuruen datuak eta agintarien mezuak ikusita, aurrera egitea erabaki zuten. Gogotik egin zuten lan. Inbertsioak egin zituzten. Eta orain, inbertsio horiek galera bihurtuko dira.

Gauzak horrela, jada lanean hasi dira galerei buelta eman eta horien gainetik etekinak ateratzeko, elkartasunera bideratu ahal izateko. Bi bide aurreikusi dituzte: arropa salmenta eta uztaileko jaialdia.

Bitartean, abenduko jaialdirako sarreren dirua bueltatuko dute, datorren ostegunetik aurrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!