Dena prest da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako. Igandean jokatuko da, 17:00etan hasita, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Horren harira, hainbat ohar garrantzitsu gogorarazi nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Finala jarraitzeko bideak
- Telebistan: Zuzenean, 17:00etatik aurrera, ETB4 katean, eta 21:00etatik aurrera, ETB1en. Ilaski Serrano ariko da aurkezle, etaIrati Majuelo Itoiz izango da iruzkingile. ETB1-ek, gainera, finalaren buruz-burukoa ere emango du, diferituan, igandean bertan 23:30etatik aurrera. Bestalde, hurrengo igandean, abenduak 5, Hitzetik Hortzera berezia emitituko da, 15:00etan ETB1en, finalaren laburpena eta txapeldunaren elkarrizketarekin.
- Interneten: eitb.eus, www.bertsoa.euseta www.berria.eus ataritan emango da saioa zuzenean, streamingez. Bertsoa.eus-ek, gainera, biharamunean jarriko du bere atarian finaleko bertsoaldien hautaketa. Gainera, finalaren kronika idatzia ere jasoko du atari honek, Jon Abril Olaetxeak idatzita, bai eta txapeldunari eta gainerako finalistei egindako elkarrizketak ere.
- Irratiz: Naiz Irratiakzuzenean emango du finala, Anaitasunatik bertatik, Arkaitz Goikoetxea Iraola iruzkingile dela. Xorroxin Irratiak ere zuzenean emango du, kasu honetan estudiotik.
Bestalde, hainbat dira finala aretotik bertatik jarraitzeko akreditatu diren hedabideak, beren orri eta pantailetan txapelketaren berri emango dutenak.
Osasun egoerarekin lotutakoak
- Covid ziurtagiririk ez da eskatuko, ekitaldian ez delako edari edo janari kontsumisiorik izango.
- Ondorioz, debekatuta dago areto barruan jan edo edatea, eta baita erretzea ere.
- Maskara uneoro izan beharko da jantzita, saio osoan zehar. Bertsolariak eta gai-jartzaileak salbuetsita daude, ekitaldiko artista taldea osatzen dutelako.
- Pilaketak ekideteko, 15:00etan irekiko dira ateak. Antolakuntzak garaiz etortzeko deia egin nahi du. Gainera, elur abisua emana dago hainbat puntutan, beraz, are garrantzitsuago izango da garaiz abiatu eta iristea. Gipuzkoatik Iruñera hurbiltzeko, hain zuzen ere, A-15 autobidea itxita egoteko aukera dago (kasu horretan, Sakanako autobidea da alternatibarik egokiena).