PSNk eta Geroa Baik Bizikidetza Planera itzultzeko eskatu diote Navarra Sumari

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 18a, 12:23

Iazko irailean utzi zuen bizikidetza plana osatzeko batzordea eskuineko hirukoak. 

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak esan du "giza eskubideen errespetuaren alde egiten duten eta gure lurraldean bizikidetza sustatzen duten ahots guztiak ongi etorriak" direla. Baina Navarra Sumari eskatu dio "adierazpen horietaz gain, Nafarroako lehen Bizikidetza Planean ere esku hartzeko, ziur aski Nafarroako gizarte osoak eskertuko diolako".

Bestalde, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak adierazi duenez, "beti dira ongi etorriak memoria, aitortza eta, beraz, justizia eta erreparazio ingurune bat partekatzearen inguruko hausnarketa guztiak". Navarra Sumari "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatu dio, "keinu horrek edukia izan dezan eta Bizikidetza Planera itzul daitezen".

Mikel Zabalzaren, German Rodriguezen eta Mikel Arregiren kasuetan "autokritika" egin behar duela onartu du asteazken honetan Iñaki Iriarte Nafarroako Sumako parlamentariak batzorde batean. "Ez baikenuen jakin senideei gure maitasuna adierazten, ezta justiziarako duten eskubidea behar bezala babesten ere", esan du.

Iazko irailean utzi zuen bizikidetza plana osatzeko prozesua eskuineko hirukoak. Iñaki Iriartek berak eman zuen aditzera erabakia. Koalizioak argudiatu zuen exekutiboak “interes politikoen araberako” eztabaida esparru bat inposatu nahi duela, kontuan hartu gabe Navarra Sumak ordezkatzen duen sektorea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!