UPNk barkamena eskatu die Mikel Zabalzaren eta German Rodriguezen senideei

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 17a, 19:00

Iñaki Iriarte Euskalerria Irratiaren estudioan

UPNk onartu du azken 40 urteetan ez duela jakin poliziaren eta Estatuaren indarkeriaren biktimei "maitasuna" helarazten, eta "barkamena" eskatu die senideei, Nafarroako eskuina "oker" egon bada tarte horretan. Hala amaitu du erabat euskaraz eginiko hitzartzea Iñaki Iriartek Herri Harremanetarako batzordean. 

Foro Soziala gaur Nafarroako Parlamentuan izan da Herri Harremanetarako batzordean. Bizikidetza izan da mintzagai nagusia eta Navarra Sumako Iñaki Iriartek, UPN alderdiaren izenean hitz egin du. 7 minutuko hitzartzea izan da Nafarroako eskuinaren bozeramailearena. 

Iriartek autokritika egiteko beharra onartu du, baina indarkeria gaitzestea bizikidetzarako aurretiazko kontua dela azpimarratu du. Horren harira honakoa zehaztu du: "hau ez da eskuinaren apeta bat, funtsezko kontua da".

Iñaki Iriartek horrela defendatu du bere alderdiaren jarrera bakeari eta bizikidetzari dagokienez. "Gai alderdikoia" izateko "garrantzitsuegia" den gaia dela iritzi du eta zehaztu ez duela "behin-behineko aliantza joko baten osagaia izan behar, ezta Aurrekontuak aurrera ateratzeko osagai bat ere", leporatu dio Gobernuari.

Aniztasuna oinarri, "bizikidetza" etorkizunean eta epe luzera landu beharreko kontzeputa eta egin beharreko planteamendua dela azaldu du UPNren ordezkariak. Eta onartu du "Gizarte anitz" batean "naturaltasunez" onartu behar dela gai horren inguruan "jarrera politiko ezberdinak" egotea, guztiak ere "legitimoak", baina ezinbestekotzat jo du "muga bat", "Indarkeriaren gaitzespenak" jartzen duena.

Ezker abertzaleari begira, adierazi du UPNk "GAL, BVE, Muguruza edo Brouarden hilketak kondenatzen" dituela "baita beste edozein abusu edo tratu txar ere" eta horregatik eskatzen diotela EH Bilduri "ETA kriminala eta terrorista zela esateko". 

Iriartek bere alderdiak Bizikidetza Planetik erretiratzeko hartutako erabakia justifikatu du, bere ustez, "engainatu" nahi zituztelako.

"40 urte hauetan egin dugun guztia ez da ondo egon", onartu du gaur Iñaki Iriarte legebiltzarkideak Nafarroako Parlamentuan bere hitzartzearen amaieran. "Autokritika egiten dugu. Mikel Zabalza, Mikel Arregi edo Germán Rodríguez kasuetan ez genuelako  jakin senideei gure maitasuna adierazten, ezta justiziarako eskubidea behar bezala babesten ere. Eta ez zaigu kostatzen familia horiei barkamena eskatzea oker bagaude ", matizatu du UPNko kideak. 

Amaieran gehitu du bere alderdiak "ez du inoiz inoren aurkako indarkeriarik erabili, ezta haien kontra indarkeria erabili zutenen aurka ere". "Dena dela, ez genuen inoren aurkako indarkeriarik erabili. Ez ginen GALen sartu eta ez genien gerra egin guk, guri gerra egin zigutenei ", nabarmendu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!