Agerreko euskalgintzarako beste 235.000 euro bildu ditu Errigorak

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 17a, 09:45

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren ibilbideko bigarren edizio arrakastatsuena izan da azkena. 15.500 saski banatuko ditu Errigorak. Peru Aranburu Errigorako kidearekin mintzatu gara Euskalerria Irratian.

Amaitu berri da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina. Atzo egin zuen amaiera ekitaldia Errigorak, Nafarroako Parlamentuan. Albiste onak zekartzan egitasmoak, eta pozez jendaurreratu zituzten. 

Bigarren edizio arrakastatsuena izan da azkena. 15.500 saski banatu dituzte datozen egunotan. Iazkoaren ostean, inoiz banatu den saski kopuru handiena da hori. Pozez zoratzen daude Errigora egiten duten guztiak, eta pozez zoratzen AEK, ikastolak, Sortzen elkartea eta Agerraldia ere. Izan ere, kanpainari herritarrek emandako "erantzun izugarriari" esker 235.000 euro bideratuko dituzte Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskarari hauspoa emateko herritik sorturiko egitasmoak laguntzera.

Edizio guztiak kontuan izanik, milioi eta erdia aise pasa eta 1.600.000€tik gorako ekarpena egin dio Errigorak Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari.

Agerraldia, gero eta indartsuago

Errigorarekin batera duela bi urte sortu zuten Agerraldia mugimendua, euskararen aldeko herri-mugimendua hauspotzeko helburuarekin. Egitasmo hori ere indarra hartzen ari da. Agerraldiak ekintza-agenda handiagoa egiteko aukera izanen du 2022an. Agenda potoloa aurkeztu dute, bizitzaren esparru guztietan euskarak espazio berriak irabaztea eta hamarkadetako hizkuntza politikoaren ajeei aurre egiten saiatzea xede duena.

Agerreko euskararen eta euskalgintzaren egoeraren inguruko azterketa bultzatuko du Agerraldiak datorren urtean, EHUko ikerlari talde batek eginen du. Emaitzen berri emateko eta sarea indartzeko Agerreko lehenengo topaketa ere eginen dute, 2022an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!