Jon Altuna (Hiru): "Grebarako arrazoiak badaude, baina hemen hartuko dugu erabakia"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 12a, 09:55

Pentsio eta lan erreformaren aurka mobilizazio bateratua egitea erabaki dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek. Garraiolariek bizi duten egoeraz mintzatu gara Metropoli Foraleko albistegian Hiru sindikatuko Jon Altuna eledunarekin. Espainiako Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalak lanuzteak iragarri ditu abenduan, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak ez du erabakirik hartu oraindik.

Beste sindikatuekin batera kalera ateratzeko unea dela uste du Hiru sindikatuak ere. Sektore esentziala da garraiolariarena sindikatuak defendatu duenez, baina babesa falta zaiola salatu du Altunak: "Errepidean lan egiten dute, eta gastuak gora doaz etengabe: gasolioa, bidesariak... Tarifetan islatzen ez badira, beren irabaziak jaten ari dira". 

Egoera salatzeko abenduaren 20rako, 21erako eta 22rako lanuztera deitu du Espainiako Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalak. Hiru sindikatuak bilera eginen du bi aste barru, greba deiladi horren aurrean zer egin erabakitzeko. "Arrazoiak ikusten ditugu, baina Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatua gara, hemen hartuko dugu erabakia". 

Momentuz, Euskal Herriko ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, CGT eta CNT sindikatuekin batera Espainiako Gobernuaren lan eta pentsio erreformen aurkako mobilizazio bateratuetara batu dira. Lehena abenduaren 1ean izango da lehenengo protesta, hegoaldeko hiriburuetan; hots, Iruñean ere eginen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!