Mikel Mundiñano: "Mugimenduak eman badira ere, oraindik orain arriskua hor dago"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 10a, 10:00

Sare Nafarroak jakitera eman duenez, Antsoaingo bi herritarrek istripua izan dute asteburuan Alberto Lopez de Lacalle presoa bisitatzera joaten ari zirela. Urrunketa politikaren ondorio dela salatu du Sareko Mikel Mundiñanok Euskalerria Irratian.

Larunbat goizean jazo zen ezbeharra. Alberto Lopez de Lacalle preso gasteiztarraren bikotekideak eta lagun batek, antsoaindarrak biak, auto istripua izan zuten Villlabonako (385 km) espetxerako bidean. Euskal presoen senide eta lagunek sufritzen duten urrunketa politikaren adibide da Mundiñanoren iritziz, zorionez "sustoa" baino izan ez dena. Urrunketak 16 hildako eragin ditu indarrean izan denetik.

Sareren aldarriak Europatik babesa jaso du albistea zabaldu zen egun berean. Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak txosten bat argitaratu du, eta, besteak beste, Espainiari eskatu dio presoak "beren senideetatik gertuago" dauden espetxeetara eramateko. "Enegarren ohartarazpena" dela dio Mundiñanok, eta "salbuespenak" hor jarraitzen duela ekarri du gogora. 

Nafarroako 29 euskal preso daude, hamar baino gutxiago Iruñean. Urrunketa politikaren amaiera eskatzeko elkarretaratzera deitu ditu herritarrak Sare herritarrak. Ostegunean, 19:30ean eginen dute Antsoaingo Kaputxinosen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!