Udal musika eskoletako langileen egonkortzea lortu du Steilasek

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 10a, 09:56

Sindikatuaren aldeko epaiek ebatzi dute mugagabe ez-finko bihurtu behar direla behin behineko kontratua izan duten langileak. Iñigo Barace Tapia Steilas sindikatuko Nafarroako Zerbitzu Juridikoen arduradunarekin mintzatu da Euskalerria Irratia.

Steilas sindikatuak administrazio publikoetan bitarteko izaera duten langileekin egiten den gehiegikeria salatu du. 2019an ekin zion Zerbitzu Juridikoen bitartez finkotasuna erreklamatzeko bideari, eta badira aste batzuk lan kontratua duten langileen kasuetan aldeko epaiak lortu dituela. 

Udalen menpe dauden Musika Eskolen auzia izan da lehenengoa. Epai hauek mugagabe ez-finko bihurtzen dituzte lanpostu hutsak betetzeko behin behineko kontratua izan duten langileak, gutxienez 3 urtez aritu badira. Aurrerapauso handia da lan-baldintzen hobekuntzan eta eskola horien kalitatean, sindikatuaren ustez. 

Baracek nabarmendu du, dena den, hobekuntza hori lortu dela kasu horietan udalekin edo patronatuekin sinatutako lan-kontratuak direlako, kontratu mota horretan lortu baita orain arte aurrerapen hori. 

Musika eskoletako kasua, udalaren kudeaketa zuzena duten udal haur-eskoletara zabaldu daitekela uste du sindikatuak, hauetako batzuek kontratu mota bera erabili baitute haien langileekin. Hori dela eta, gonbita egin die musika-eskoletako eta haur-eskoletako langile guztiei haiekin harremanetan jartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!