Patxi Urrutia: "Pentsioen erreforman eragiteko aste erabakigarria da"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko aza. 9a, 09:58

Erreformaren bigarren zatia adosteko astebeteko epea du Espainiako Gobernuak. Pentsionistek manifestazioa antolatu dute, murrizketen aurka. Protesta Baluarte Plazatik irtengo da, larunbatean, 12:00etan.

Astelehenero bezala, Oneka, Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek atzo protesta egin zuten pentsio duinen aldeko aldarria kalera ateraz. Oraingoan, baina, aste honetan izanen den hitzordu baten berri eman dute. Manifestazioa eginen dute larunbatean. Sasoia elkarteko Patxi Urrutiaren iritziz, ezin une aproposagoa da kalera ateratzeko. 

Espainiako Gobernuak pentsio sistemaren erreformaren bigarren zatia adostu behar du aste honetan. Proposamenak pentsioen murrizketa ekarriko duela salatu du Urrutiak, eta CCOO eta UGT sindikatuek horrekin bat egitea deitoratu du. 

Nafarroan aurrekontuetarako Nafarroako Gobernuaren eta Eh Bilduren arteko akordioak pentsioen gaineko konpentsazio bat eraginen du datorren urtean. Pentsiodunen sarrera minimoak 800 eurora igoko dituzte. Arazoari irtenbidea emateko "aurrera urratsa" da Urrutiaren iritziz, eta hala baikorki hartu du erabakia.

Edonola ere, aldaketa oinarrizkoagoa izan behar duela uste dute pentsidunek. Hori eskatzeko aterako dira kalera larunbatean eta babes zabala izanen du protestak. Euskal Herrikoa da deialdia; eta, hemen, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, EHNE, Bilgune Feminista, Ernai, Nafarroako Osasun Plataformarekin, SOS Arrazakeria eta AHT Gelditu eragileek bat egin dute deialdiarekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!