Iaz ia ez zen gripe kasurik izan, baina aurten oso bestelako egoera espero dute osasun profesionalek. Dagoeneko hasi dira marrantak artatzen. Gripea koronabirusarekin uztartuz gero, eritasuna larriagotzeko arriskua biderkatzen dela ohartarazi du Barandiaranek.
Hitzordua emateko prozesua martxan dago dagoeneko. Hala SMS mezua bidali zaie 60 urtetik gorako biztanleei, gripearen aurkako txertoa jartzeko txanda hartu dezaten. Internet eta telefono dei bidez ere eskatu daiteke hitzordua. Guztientzako beharrezkoa jotzen du Barandiaranek, "beharrezkoak eta osasungarriak" diren harremanak eduki ahal izateko.
Txertaketa batik bat osasun-zentroetan burutuko da, eta egoera jakin batzuetan FOREMean kokatutako txertaketa-puntuaren laguntza izango da.
Txertaketaren denboraldi arrunta abenduaren 2ra arte luzatuko da. Egun horretatik aurrera, txertoa jarriko zaie kanpainaren epez kanpo irizpideak betetzen dituzten pertsonei edo bere garaian txertoa hartu ezin izan zutenei. Baita dosiak soberan badira, nahi duen orori.