Joseba Tristan: "Hegan egiteko gogoa piztu digu aurtengo Nafarroa Oinezak"

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 18a, 10:37

Nafarroa Oinez txiki baina jendetsua ospatu zuen igandean Lizarrako ikastolak. Goiz partean euria bota bazuen ere, eguerdirako giroa berotu eta bertaratutakoek festa giroan gozatzeko aukera izan zuten. Lizarrakoaren ostean, Tafallako Garces de los Fayos ikastolak hartu du 2022ko Nafarroa Oineza antolatzeko ardura.

Bi urte zailen ostean, Lizarrako ikastolak ospatu du bere Nafarroa Oineza. Koronabirusak ez ditu gauzak erraz jarri eta iazko festa bertan behera utzi eta gero, aurtengoan egun batetik bestera aldatu zituen ospakizunak egiteko baldintzak. Festa txikia antolatuta zuten ikastolako kideek, ohiko ospakizun erraldoia montatzeko betarik gabe. Hala ere, Lizarran giroa paregabea izan zen eta bertaratu ziren ehunka euskaltzaleek, antolakuntzak prestatu zituen jaki, edari eta jantzi guztiak agortu zituzten.

Ikastolan haurrek izan zuten beren gunea, Ene Kantak-en kontzertu jendetsuarekin eta ikastolako erraldoien dantzekin; Lizarrako zezen plazan gazteak elkartu ziren Zaunka eta Raimundo el Canasteroren doinuekin dantzan...giro euskalduna Lizarra osoan barreiatu zen, kalezkale ibili ziren txaranga eta fanfarreekin.

Joseba Tristan, Lizarrako ikastolako zuzendaria pozik azaldu da gaur goizean Euskalerria Irratian. "Pozik gaude, zikloa behingoz itxi dugulako eta goizean eguraldiak gauzak zail jarri bazizkigun, azkenean egun paregabea izan genuelako" azaldu du Tristanek, "Hala ere, iakstolak oraindik laguntza behar du, haur hezkutnzako eraikina moldatu, ikastola bera zaharberritu eta Lizarraldean euskarari bultzada ematen jarraitzeko". Oraindik ere, Nafarroaoinez.eus diru ekarpenak egiteko aukera badago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!