Eneko Fernandez nagusitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdenean

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 4a, 09:42

Azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Lesakako bertsolariak. 100 lagun inguru bildu dira Izabako zineman, 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketari hasiera emateko. Ander Perezekin hitz egin dugu Metropoli Forala saioan.

Izaban abiatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Nafar Pirinioan. 100 lagun inguru elkartu dira Erronkari bailarako herriko zineman. Haien aurrean aritu dira Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Idoia Granizo Uribarrena, Patxi Castillo Graciarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Endika Legarra Nuin. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Izabako Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa.

Saio puntugarriaren ostean, Eneko Fernandezek eskuratu du puntu gehien (347), eta hortaz, azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Endika Legarra (315,5), Julen Zelaieta (305), Patxi Castillo (300,5), Idoia Granizo (292) eta Aitor Irastortza (272,5)

Heldu den larunbatean, urriaren 9an, izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Tafallako Kultur Etxean, 17:30ean. Han ariko dira Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman, Ander Aranbururen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!