Hilaren 17an abiatu zen Mugak Zabalduz karabana Kanaria Uharteetara, eta iragan larunbatera arte Europar Batasunaren migrazio politikak salatzen aritu da han, hainbat ekintzaren bitartez. 350 pertsona aritu dira parte hartzen seigarren edizioan; Nafarroatik, 27. Horien artean zen Saioa Lekunberri, eta pasa den astean Euskalerria Irratian kontatu zuen bizitzen ari ziren esperientzia.
2016tik, udaro mugako hainbat gune zeharkatzen ditu Mugak Zabalduz karabanak, eta aurten migrazioaren egoera orokorra salatzea ez ezik, Kanarietan dagoen egoera ezagutu eta uharte horietan migrante eta errefuxiatuekin lan egiten duten erakunde eta pertsonekin "sareak" sortzea izan dute helburu.
Kanaria Handiko La Isletan hasi zen karabana, eta uztailaren 24a arte hainbat ekintza eta protesta egin dituzte uharteetan. Hemendik aurrera, ikasi eta ikusitakoa etxean, Nafarroan zabalduko dute 27 ekintzaileek.
Karabanaren azken egunean, martxa batek Tenerifeko La Laguna eta Santa Cruz auzoak zeharkatu zituen, Gurutze Gorriak kudeatutako harrera baliabideetan dauden pertsonek bizi duten egoera salatzeko: mugimendu askatasunik ez baitute, eta tratu txarrak eta bazterkeria pairatzen dituzte.
Ahotsa.info-k bideoan jaso ditu egunez egun han bizitako hainbat une, eta orain denak ikus daitezke haren YouTubeko kanalean.
#MugakZabalduz2021
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) July 25, 2021
Ha terminado la Caravana Abriendo Fronteras destino Canarias para reclamar una politica migratoria acorde a los derechos humanos.
???? Todos los videos de @AhotsaInfo en esta lista ⬇️https://t.co/AXc8Sm00TF @MugakZabalduz @Caravana_AF