Elizaren barruan sexu-abusuak jasan dituzten biktimei laguntzeko proiektu bat garatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 11a, 14:54

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta gobernuak Herritarrei deia egin diete biktimen errolda bat egin eta kasu posibleei buruzko informazioa biltzeko

Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) elkarlanean ari dira kleroko kideek egindako sexu-abusuak jasan dituzten adingabeei laguntzea helburu duen proiektuan; proiektu horretarako, gainera, herritarren lankidetza eskatzen dute.

Hala, egoera horien biktima izan daitezkeenek, urriaren amaierara arte eta modu guztiz anonimoan, unibertsitateko ikerketa-taldearengana jotzeko deia egin dute. Lortutako informazioekin eta elkarrizketa pertsonal osagarri baten ondoren, abusu horien balizko biktimen errolda egingo da.

Rafael Sainz de Rozas Nafarroako Gobernuko Justizia zuzendari nagusiak eta Mikel Lizarraga eta Amaia Alvarez UPNAko ikertzaileek aurkeztu dute proiektua, prentsaurreko batean. Elkarlan horren helburua "kasuak modu zehatzagoan aztertzea eta biktimei egia, justizia eta ordaina emateko bidean indarrak batu ahal izatea" dela azpimarratu dute.

UPNAko ordezkariek azaldu dutenez, ikerketaren fase honetan, abusu horien biktimen errolda egin nahi dute. Herritarren testigantzak jasotzeko bideak urrira arte egongo dira martxan: 699 70 60 88 telefonoa eta investigacion.abusosclero@unavarra.es helbide elektronikoa. Kasu guztietan, parte hartzen dutenen anonimotasun osoa bermatzen da.

Ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen da informazio garrantzitsua duela uste duen edonor. Bildutakotik abiatuta, biktimekin elkarrizketa pertsonalak egingo dira ikerketa lana amaitzeko.

"Instituzionaltasuna eta zorroztasun akademikoa, ikerketan"

Rafael Sainz de Rozas Nafarroako Gobernuko Justizia zuzendari nagusiak adierazi duenez, Gobernua bi ezaugarri nabarmenekin ari da gai honetan lanean. "Bata instituzionaltasuna da, Migrazio Politiken eta Justizia Sailaren laguntza eta inplikazioa; bestea ikerketaren zorroztasun akademikoa da, UPNArekin lankidetzan arituz lortzen dena", adierazi du.

Unibertsitatearen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza Nafarroako Erlijio Zentroetako Abusuen Biktimen Elkartearekin hasi zen duela urte eta erdi. Elkarrekin egindako lan horren ondorioz, "Centro religioso y pederastia: hacia la verdad, la justicia y la reparación desde Navarra" jardunaldiak antolatu ziren, eta, horien ondorioz, liburu bat argitaratu zen, bertan azaldutako hitzaldiak biltzen zituena.

Ekintza horiek ezartzen ari den instituzionaltasunari dagokionez, Sainz de Rozasek esan du ikerketa honetan aurrera egiteak "biktima guztiek memoria, egia, justizia eta erreparazioa behar dituztela sinesteaz gain", agerian uzten duela "Nafarroako Gobernuak Nazio Batuen 2030 Agendaren garapen jasangarriaren helburuekin duen konpromisoa".

Pertsona ahulak zaintzea, gizarte-kohesioa lortzeko

 Izan ere, Sainz de Rozasek gogorarazi du, arlo horretan, Nafarroako botere publikoen jarduera bat datorrela Nazio Batuen 2030erako Garapen Iraunkorrerako Agendarekin, eta, bereziki, bi helbururekin: "Pertsona ahulenak zaintzea, eta, bereziki, garapen integralari eragiten dion delituren bat jasan dutenean, kasu honetan bezala"; baita "gizarte-kohesioarekin ere, eta horretan lan egin behar dugu, gertakariei aurre eginez". Nola urratzen gaituzten 
"2030ean erkidego gisa irudikatzen dugunean, egia, justizia, erreparazioa eta horrelako gertaerak ez errepikatzeko bermeak ematen dituzten botere publikoekin egin behar dugu", adierazi du Justiziako zuzendari nagusiak, "Horrek emango digulako kohesio hori, gizarte gisa, eta nahi dugun indar kolektibo hori, denbora-muga horri begira", gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!