Euskaraldiaren haritik, eta lau nafarren bizipenak ardatz harturik, Nafarroan euskarak pizten dituen sentimenduen irakurketa bat egin du Topaguneak. 2020ko Euskaraldia berezia izan zen, zentzu askotan, Nafarroan eta hori bildu beharra zegoela erabaki dute.
Yasmine Khis, Iñaki Castillo, Miren Balmaseda eta Iñigo Martinez. Adin eta motibazio ezberdinak dituzten pertsonen ahotik eraikitako narrazioa sortu du Iñaki Alforjak. Beran, Iruñean edota Tuteran euskara erlazionatzeko, gozatzeko, eragiteko eta bizitzeko era bat dela erakutsiko dute.
Doakoa izanen da dokumentalaren aurkezpena, Iruñean eta oraindik badira sarrerak. Estreinalditik aurrera, berriz, Nafarroako herri, auzo eta eskualdeetan zabalduko dute lana eta Topagunearekin harremanetan jarriz, nahi duenak ikustaldi gehiago antolatzeko aukera ere izanen du.