Gobernuak 5.000 esne kutxa emango dizkio Zaporeak elkarteari, Lesbosera bidaltzeko

Euskalerria Irratia 2021ko api. 8a, 12:16

Zaporeak elkarteak esne bilketa eginen du larunbatean.

Esnea, Reyno Gourmeti atxikitako Lacturale markakoa, INTIA sozietate publikoaren bidez emango da. Behi-esnea da, ontziratua eta iraungitze luzekoa, helmugara iritsi arte egoera onean egon dadin.

Kara Tepe kanpamendura bideratuko dute. 7.200 pertsona bizi dira bertan, eta  osasun-baldintza gogorrak eta elikadura eskasa dute.  Zaporeak programaren asmoa da esnea eta fruta astean behin banatzea, gutxienez datozen hiru hilabeteetan, eta prestatutako janaria banatzea.

Moriako zelai zaharra erre ondoren, azken sei hilabeteetan errefuxiatuen egoerak okerrera egin du eta, pandemiarekin, elikagaien prekarietatea are larriagoa bihurtu da. Lehorreko bilketa ere egiten hasi dira. Orain arte, hilero lau poltsa-banaketa egin dituzte, askotariko elikadurarekin, Kara TEPEko biztanle guztientzat.

Zaporeak duela 9 urte sortu zen elkartasuna eta gastronomia uztartzen dituzten ekimenak garatzeko, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskainiz. Gaur egun, Zaporeak taldeak Greziako Lesbos uhartean sukaldaritza-proiektuarekin jarraitzen du, Kara Tepe errefuxiatuen gunean bizi diren pertsonei janaria prestatzen eta banatzen. 2000 errazio prestatzen dituzte egunean.

Hogei bat bilgune

Esne-kaxak biltzeko jardunaldia (edozein markatakoak izan daitezke eta iraungitze-data luzea dute) larunbat honetan, hilak 10, izango da, 10:00etatik 20:00etara, Iruñeko eta Nafarroako beste herri batzuetako hogei bat puntutan.

Hain zuzen ere, hiriburuan, BM supermerkatuetan eginen da, Donibanen (Monasterio de la Oliva kalea, 9), Iturraman (Iñigo Arista kalea, 15 bis) eta II. Zabalgunean (Tafalla kalea, 13-15) izango da, baita Arrotxapeko Zaporeak elkartearen etxabean ere (Bernardino Tirapu, 4).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!