Gaur amaituko da 'Plateretik baratzera' kanpainako jakiak eskatzeko epea

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 24a, 06:27
Errigorako, NNPEKeko eta EHNEko kideak, iragan astean egindako agerraldian.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren barruan, bertako ekoizleen produktu ekologikoak eskatu daitezke.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat proposatu nahi dizu. Izan ere, gaurko kontsumoaren araberakoa izango da biharko ekoizpena. Martxoaren 4tik gaur arte Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatzeko aukera eskaini dute, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Iragan astean Errigorak prentsaurreko bat eskaini zuen, kanpainaren balorazioa egiteko, oraindik martxan zegoen arren, eta dagoeneko positiboki baloratu zuten jasotako erantzuna. Hala ere, ohartarazi zuten zenbait produktu agortzen ari direla, eta hortaz, hurrengo kanpainarako eskaintza handitu beharko dutela.

Kanpainaren ezaugarriak

Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.

Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dira. Eskaera egiterakoan aukeratu behar da produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak.

Ordainketa txartel bidez eginez gerobi zatitan ordaintzeko aukeraizango da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Beste aukera eskudirutan egitea da, eta dena ordaintzea, produktuan jasotzean. 

Hau guztia auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio errota edo kontserba etxera joanda ordainduko litzatekeen prezio berean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!