'Plateretik baratzera' kanpaina Errigoraren "aurreikuspenak gainditzen" ari da

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 16a, 10:44
Errigorako, NNPEKeko eta EHNEko kideak, gaur egindako agerraldian.

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak abian jarraitzen duen arren, Errigorak, NNPEKk eta EHNEk balorazio positiboa egin dute dagoeneko. Halaber, aurrera begira produktu berri bat eskainiko dutela iragarri dute: lekaleak.  

Errigorak martxoaren 4an jarri zuen abian aurtengo Nafar Hegoaldeko uzta esktuik eskura kanpaina, Plateretik baratzera lelopean, bertako hainbat produktu ekologiko eskainiz, eta kanpaina oraindik abian dela -hilaren 24ra arte iraungo du-, dagoeneko balorazio positiboa egin dute, haien aurreikuspenak gainditu egin baitira.

Mikel Mutilva Errigorako kideak azaldu duenez, zenbait jaki agortu egin dira jada, eta hortaz, ezingo diote eskariari erantzun; baina hori ez da albiste txarra, erakusten duelako gero eta gehiago direla produktu ekologikoen alde egiten dutenak. Hala, gero eta ekoizle gehiago daude, eta datorren urteetara begira, eskaintza handituko dute. 

"Euskal Herriko kontsumitzaileak Nafarroa hegoaldeko baratzera begiratu ahala, gero eta nafar ekoizle gehiago jarri dira Euskal Herriko plazari begira. Hainabt produkturen eskaerak gora egin ahala, nekazari eta transformatzaileen arteko adostasun berriak beharrezko izan dira, alde guztientzat bidezko harremanak ezarriz. Ikusi dugu produktu ekologikoen eskaerak gora egin ahala nola hazi den agroekologiaaren printzipioak jarraituz ekoitzitako produktuen kopurua, eta nola egin duten hainbat ekoizlek jauzia ekologikora", azaldu du Mutilvak. 

Lekaleak errigoran

Elikadura burujabetzaren eta tokiko sistema jasangarrien bidean sortutako proiektuen onurak ikusita, Errigora, NNPEK eta EHNE taldeek elkarlanean urrats berri bat egitea erabaki dute, kasu honetan lekale ekologikoak eskainiko dituzte, Errigorarekin. Hazialde ekoizle taldearen bitartez egingo dute, eta datozen urteko Errigorako kanpainetan eskaintzeko moduan egotea aurreikusten dute. 

"Lehenengo aldia da lekale ekologikoak egonen direla Errigorako eskaintzan, eta hori ospatzekoa da, urteetako elkarlanaren ondorioa baita. Horretarako Hazialde bezalako elkarte bat ezinbestekoa izan da bidea egiteko", nabarmendu du Miriam Otxotorena NNPEKeko presidenteak. 

Kanpaina eta proiektu hauekin, beraz, jarraituko dute kontsumitzaileak bultzatzen, euren plateretatik hasita, bestelako eredu baten alde egin dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!