Itziar Gomez: "Legezko berme guztiekin mugatu nahi ditugu Caparrosokoa bezalako ustiategiak"

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 23a, 09:38

Itziar Gomez kontseilaria, Euskalerria Irratiko estudioan, artxiboko argazki batean.

Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak ziurtatu du, Foru Dekretuarekin lortu ez bazuten ere, Animalien Osasun Legea aldatuz lortuko dutela Caparrosokoa bezalako ustiategi handiei mugak jartzea. 

Nafarroako Gobernuak 2019an jarri zuen martxan abeltegien gehienezko tamaina eta batzuen eta besteen arteko distantziak arautzeko prozesua, Caparrosokoa bezalako makroproiektuen aurrean “Nafarroa blindatzeko” helburuz.

Foru Dekretu baten bidez egin zuen, baina iaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek bertan behera utzi zuen erabaki hori, haztegia kudeatzen duen Valle de Odieta enpresari arrazoia emanez, “enpresa askatasunaren printzipioa” aipatuz. Ondorioz, Gobernuak argi berdea eman behar izan zion haztegia handitzeko eskaerari.

Baina gobernuak hori bezalako abeltegiei mugak jartzeko ahaleginarekin aurrera jarraituko du, Animalien Osasun Legea aldatuz. Aldaketa horrekin, besteak beste, ustiategien tamaina arautuko dute, arrisku epidemiologikoak murrizteari zuzenean lotuta dagoenean.

Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak azaldu duenez, legearen aldaketaren justifikazio teknikoa lantzen ari dira, baina ezin dute eperik zehaztu, berme legalekin egin nahi dutelako, “oraingoan bai, aurrera eramateko”.

Hemeretzi salaketa

Nafarroan esnetarako behien 142 ustiategi daude, eta ekoizten den esnearen %20 Caparrosokotik datoz. Bada, enpresak hainbat erakunde publikoren hemeretzi salaketa ditu, horietako hamaika zigor prozedura bihurtuta, ingurumen araudia hausteagatik.

Atzo, Uraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Greenpeacek talde ekologistak ekintza bat egin zuen Caparrosoko behitegian: bi tona ur kutsatu itzuli zizkion, haztegiak sortzen duen kutsadura salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!