LAB sindikatuak San Juan de Dios ospitalean Covid 19aren aurkako txertaketa prozesua "irregularra eta arbitrarioa" izaten ari dela salatu du. Nafarroako Gobernuak txertoak eman zizkion zentroko zuzendaritzari plantillaren txertaketa egin zezan, baina zuzendaritzak ez du sindikatuak espero bezala egin: "Ezarritako irizpide guztien aurka, lehentasuna eman zaie eszedentzian dauden langileei eta baja luzea dutenei, baita -kasu batean izan ezik- ospitalera joaten ez diren zenbait boluntariori ere". Covid pazienteak dituzten guneetan lanean aritzen diren hainbat laguntza-langile txertatu gabe daudela azaldu dute.
Sindikatuak zuzendaritzari eskatu dio plantilla berehala txertatzea osasun agintariek ezarritako lehentasun-irizpideei jarraituz. Enpresa Batzordeari ez zaio txertaketa-protokolo idatzirik aurkeztu, eta sindikatuak salatu duenez, ez da batzordeko kideen iritzia kontuan hartu.