Otsailaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan 'Non dago Mikel?' dokumentala

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 15a, 12:10

Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren iritsiko da pantaila handira Zabalza auziari buruzko Ahotsa.info-ren filma. Iruñean, Donostian, Bilbon eta Madrilen eskainiko dute.

Madrilen, Iruñean, Donostian eta Bilbon izango da ikusgai otsailaren 26tik aurrera, Ahotsa.info eta Izar Filmsen filma. Atera Filmsek banatuko du filma eta Nafarroako hiriburuan Golem zinema aretoetan eskainiko dute. 

Non dago Mikel? Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 68. edizioan estreinatu zen, irailaren 22an; eta aipamen berezia lortu zuen Euskal Zinemaren Irizar Sarian. Mikel Zabaltza gazte orbaiztarraren istorioa kontatzen du.

Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas zinemagile nafarrek elkarrekin zuzendu dute filma. Euskalerria Irratian azaldu zutenez, Mikel Zabalza atxilotu eta agertu bitartean igarotako hogei egunen kontaketa eginen du filmak. ETAko militante batekin nahasita, Guardia Zibilak Zabaltza atxilotu egin zuen, 1985ean. 20 egunez desagertuta egon ondoren haren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen. Bi ardatz izanen ditu fimak: "Alde batetik, Ion Arretxe ezagutu dugu, filmaren protagonista izanen da. Mikelekin batera atxilotu zuten eta berak tortura bera eta ondoren horren inguruan egindako hausnarketa azalduko dizkigu. Bestetik, Mikel Zabalzaren ilobak izanen ditugu. Egiaren aldarrikapenean emandako lekuko aldaketa ikusiko dugu". Eitb-k 1985ean hartutako irudiekin osatuko dute filma. 

Zabalza desagertuta egon zen egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren Euskal Herrian. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik. Entzun Irrintzi Plaza saioan 2020ko irailean egileei egindako elkarrizketa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!