Castejongo eskolak eskatu du ez exijitzeko PAIn hasi diren ikasleek programan jarraitzea

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 15a, 09:09

Hezkuntza Departamentuak Castejongo ikastetxeari erantzun dio martxan dauden kurtsoetan PAI programan ikasteko aukera bermatu behar diela. Kurtso hitzak esan nahi badu eskolatik atera arteko ikasturte guztiak, zentroak "zentzugabetzat" jotzen du. 

Castejongo Maiatzaren Bia ikastetxeak PAI programatik ateratzeko eskaera egin dio Hezkuntza Departamentuari. Haren erantzuna izan da jada martxan dauden ikasturteetan ikasleei ingelesezko PAI programan ikasten segitzeko aukera bermatu behar diela. Hori bermatzeko planik egin gabe, ez dio PAItik ateratzeko baimenik emanen.

Departamentuak bi asteko epea eman dio plangintza hori prestatzeko ikastetxeko zuzendaritzari.

Zuzendaritzak agiri bat bidali dio departamentuari, galdetuz ea kurtso hitzarekin zer esan nahi duten. Izan ere, uler daiteke kurtso honetan ikasten segitzeko aukeraz soilik ari direla, eta ez ikastetxetik atera arteko beste ikasturte guztietan.

Departamentua bigarren aukeraz ariko balitz, zuzendaritzak dio ez lukeela zentzurik ikasleei kalte egiten dien programa batekin segitzeak.

Castejongo ikastetxe publikoak behar berezietako ikasle asko ditu, erdiak baino gehiago. Horietako asko migratzaileen seme-alabak dira. Haientzako gaztelania jada bigarren hizkuntza da; ingelesa hirugarrena. Hortaz, ingelesezko murgiltze eredua kalte nabarmena egiten ari zaiela dio Maiatzaren Biko ikastetxeko zuzendaritzak.

Castejongo ikastetxea PAItik irtetea eskatu duen lehen ikastetxea da, Maria Solanara Hezkuntza kontseilari zelarik ate hori zabaldu zenetik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!