Ahal Duguk ohar bat zabaldu du espresuki Castejongo ikastetxeari babesa adierazteko, eta Ainhoa Aznarez parlamentariak gogorarazi du Castejongo ikasle askok behar bereziak dituztela, haietako erdiek arazoak dituztela gaztelaniarekin, beren eguneroko hizkuntza beste bat delako, eta hirugarren hizkuntza bat gehitzeak kalte egiten diola komunikazio gaitasunari.
Uxue Barkosek azpimarratu du Hezkuntza Departamentuaren eginbeharra dela eskolaren borondateari bidea irekitzea, eskolari tresnak emanez, eta ez ordea, egoera gehiago tenkatzea.
Adolfo Araizek kritikatu du iaz bezala Hezkuntza Departamentuak aitzakiak bilatzen aritzea; eta esan du PAI programa martxan jartzeko ez zela plangintza zorrotzik egin, eta kentzeko orduan, berriz, bai.
Beste aldean, Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak esan du kasu honetan ez dela eskaera modu egokian egin; eta haserre agertu da, PAIrekin pozik ez dagoen ikastetxe bat fokuan jartzeagatik, eta ez, ados dauden beste ikastetxe guztiak.