Izai Bujanda (ELA): "Kapitalak agintzen du zaintza sektorean"

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 25a, 11:40

Zaintza sektorean greba eginen du bihar, urtarrilak 26, ELA sindikatuak. LABek ez du greba babestu.

Egoitzetako eta etxez-etxeko langileak greba egitera deitu ditu bihar ELA sindikatuak. Mobilizazio nagusia goizeko 11:30etan izanen da, Antoniutitik abiatuta manifestazioa eginen dute. Izai Bujanda, Zerbitzu Publikoetako Federazioko arduradunak, eman ditu Euskalerria Irratian deialdiaren inguruko xehetasunak.

Sindikatuak "zaintza sistema unibertsal eta doakoa" proposatzen du, eta interes pribatuen esku dagoen sektorea publifikatzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen du. Batetik, prekarietatearekin amaitzeko eta bestetik, Nafarroako hitzarmen baten negoziazioa abian jartzeko.

ELAk dio zaintzaren alorreko langileen lan-baldintzak hobetzea "ezinbestekoa" dela, zaindu beharreko pertsonek arreta "duina eta integrala" izan dezaten. Sindikatuaren iritziz, beharrezkoa da hitzarmen bat egitea Nafarroan, batez ere, adinekoentzako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako.

LABek ez du greba babestu

LAB sindikatuak azaldu du ELAk ez dituela kontuan hartu "ez gainerako sindikatuak, ez langileak", eta horregatik ez duela babestu deialdia. Sektorearen egoera "larria" arintzeko sindikatuen arteko "dinamika bateratuak" adostu behar direla uste du LABek: "Bilera bat egin dugu ELArekin horri buruz hitz egiteko. Baina, tamalez, ELAk nahiago izan du bere aldetik joan. Legitimoa da, zalantzarik gabe, baina gure ustez akats larria da". LABen jarrera kritikatu du ELAk: "Kontraprogramazioa eta ELAk deitutako zaintza-grebetan ez parte hartzeko deia sektoreko langileei kalte egiten dieten praktikak dira".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!