Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko die Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 19a, 09:03

Aurrekontuen proiektua "iazko bera" dela eta "EH Bilduren menpe" dagoela argudiatu du Javier Esparza Navarra Sumako eledunak. 

 “Ia-ia iazko aurrekontuak dira, eta hori sinestezina da: nola izanen ditugu gastu berberak pandemia erdian gaudelarik?”. Galdera hori plazaratuz eman du erabakiaren berri Javier Esparza Navarra Sumako eledun parlamentarioak: Maria Txibiteren gobernuaren aurrekontu proiektuaren gaineko osoko zuzenketa aurkeztuko du.

Eskuineko koalizioak egin dituen kritiken artean dago, beste behin ere, proiektua EH Bildurekin negoziatu izana: “Aurrekontua EH Bilduren menpe dago, ez du ekonomia bultzatuko, ez du enplegua sustatuko”, esan du Esparzak.

Bestetik, kritikatu du proiektuak ez diela Nafarren beharrei erantzuten, eta osasun aurrekontuak %1,4 murriztuko dituela pandemia betean. Nafarroa Suspertu planak berrikuntzarik ez duela ekarriko ere kritikatu du: “Saldu nahi digute Nafarroa Suspertu plana berritzailea balitz baina partida gehienak aurreko urteetan zeuden”.

Azkenik, Abiadura Handiko Trena eta Nafarroako Ubidea bultzatzeko partidarik ez izatea kritikatu du, dena Europako funtsetara bideratu izana, hain zuzen. “Eta Europak ez badigu diru hori ematen? AHTa geldituko da?”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!