Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuak onartzea hitzartu dute

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 16a, 09:35
Bakartxo Ruiz eta Maria Txibite, parlamentuan hizketan.

Larunbatean eman zuten akordioaren berri. Zerga sistema izan da desadostasunik handiena, baina EH Bilduk aitortu du zenbait aurrerapausu daudela gobernuaren planteamenduan. 

Nafarroako Gobernuak larunbatean egin zuen publiko EH Bildurekin lortutako akordioa. prentsa ohar baten bidez adierazi zuen 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzeko konpromiso hitzarmen bat sinatu zuela koalizio abetzalearekin.

Dokumentuak oso neurgarriak diren adostasun puntuak azaltzen ditu baina baita hainbat aspektu ideologiko eta jarrera kontu ere. Esate baterako, bi aldeek bat egiten dute, koronabirusaren krisialdiaren irteera soziala beharko duela, inor atzean utzi gabe, zerbitzu publikoak sendotuz eta handituz eta jasangarritasun ekologikoa ere oinarrian izanik. Puntu honetan, gainera, krisialdi honen amaieran, fiskalitatea birpentsatzeko aukeran bat egin dute bi aldeek.

Zerga sistema izan da desadostasunik handiena, nahiz eta aurrerapausu zenbait ere aitortzen dituen EH Bilduk, Nafarroako Gobernuak egindako planteamenduan.

Partida neurgarrietan eta zehatzetan sartzen ere badira zenbait akordio. Ziordiako kaleen zaharberritzea, Tafallako errekoleten proiektua, Lesakak Bidasoko bide berdearekin lotura izateko proiektua, Leitzako Mimukai proiektua edo Uharteko Udalak eguzki plakak jartzeko egitasmora dira adosturiko hainbat partida. 1,9 milioi euroko maileguak bilatuko ditu gobernuak partida hauei erantzun ahal izateko.

Desadostasunetan, Navarra Television telebista kate pribatuari Nafarroako Gobernuak zuzenean hitzarmenaren bitartez eman nahi dion 1,3 milioi euroko finantziazioa azaltzen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!