Agurne Gaubeka: "Datorren ikasturterako D ereduaren eskaria berretsi dute Mendigorriko gurasoek"

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 29a, 23:55

Datorren ikasturtean D ereduan matrikulatzeko eskaria egin dute Mendigorriko gurasoek Hezkuntza Departamentuan. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariarekin mintzatu da Euskalerria Irratia.

Euskaraz ikasi ahal izateko egunero Mendigorriko autobus geltokira jo behar dute Mendigorriko haurrek; ikastetxea dute herrian, baina Garesen dute gertuen D ereduko lerroa. Herriko 12 urtetik beherako eskolaratutako haurren %35 eta ehuneko 45 artean herritik kanpo joaten da ikastera, euskarazko irakaskuntza hautatzearen ondorioz.

Herrian D eredua ezartzeko eskaria behin eta berriz egin dute gurasoek, eta jada datorren urtera begira dira. Hezkuntza Departamentuan 11 familien eskaria erregistratu dute. Baina eskaerak eskaera, ez dakite oraindik datorren ikasturtean haurrek aukerarik izango duten herrian euskaraz ikasteko. Hori argitze aldera, gurasoek eta Behatokiak bilera bat eskatu diote Hezkuntza Departamenduari.

Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Mapa aldatzeko prozedura ireki zuen abuztuan. Mapa hori da Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariaren esanetan, Mendigorrian D eredua irekitzeko oztopo nagusia. Hori aldatzera doazela jakiteak afera konpondu daitekeenaren esperantzaz utzi ditu.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!