Epaitegiak ontzat jo du ostalaritzako murrizketen foru agindua

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 15a, 16:21

Ostalarien elkarteak aurkeztutako helegitea ez du onartu eta pasa den ostiralean Gobernuak indarrean jarritako neurriak, egokiak, beharrezkoak eta proportzionalak direla dio epaitegiak.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien aretoak ez du aintzat hartu ostalarien elkarteak aurkeztutako helegitea. Gobernuak hartutako neurriak "kutsatutakoen kurba kontrolpean izateko eta neurri zorrotzagoak hartu behar ez izateko, aproposak direla" ebazten du.

Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak eta Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak  pandemiaren bilakaeraren aurrean euren sektorean muga berriak ezartzen dituen foru aginduaren aurkako helegitea jarri zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien aretoan.

Helegitea atzo, astelehena, aurkeztu zuten, eta bertan, besteak beste, ostiralean sinatutako foru aginduan aurreikusitakoa bertan behera uzteko eskatu zuten.

Foru aginduan edukiera mugak ezartzen dira gizarte jardueretan, eta barrako kontsumoa mugatzen da ostalaritzan. Eguerdiko 12:00ak arte soilik baimentzen da, eta une horretan mahaian bakarrik kontsumitu ahal izango da, bai barruan, bai kanpoan.

Mahaietan, gainera, ezin dira sei pertsona baino gehiago bildu, orain arte baimenduta zeuden hamarren aldean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!