Gora egin du birusaren zirkulazioak eta epidemia-atalasera iritsi da koronabirusa berriro. Ehun mila biztanleko 43 kasu eman dira azken egunotan Nafarroan. Egoera zail baten aurrean gaudela adierazi du Santos Indurain osasun kontseilariak, baina osasun alorretik diotenez honek ez du esan nahi nahitaez uhin epidemiko baten hasiera denik. Egun birusari aurre egiteko dagoen informazioa, esperientzia eta baliabideak nabarmendu ditu Edurne Egino Nafarroako Ospitaleko Osasun teknikari eta medikuak.
Birusa geldiarazteko jendearen ardura ezinbestekoa dela gogorarazi du Eginok Guardasola saioan. Gazteen artean zabaldu da gehien covid-19a azken asteotan, eta orain birusa adin tarte zaurgarrienetara ez iristea espero dute.
Azken hilabeetako esperientziatik ikasita, balizko bigarren olatu bati erantzuteko prest da Nafarroako osasungintza. Dena den, Edurne Eginok ez du aurreikusten halakorik epe motzean.
Ospitalei erreparatuz, larrialdietako medikuek salatu dutenez, osasun-zentroetan aurrez aurreko arretarik jasotzen ez dutenez, larriak ez diren gaitzak artatzen ari dira. Lehen Mailako Arretako protokolo berriari egotzi diote medikuek errua. Edurne Eginok, ordea, uste du langile eskasia dela arazoa.