“Martxa hunkigarria izan da, elkarri besarkada eman eta jende askoren babesa jasotzeko”. Hala laburbildu dute Agoizko Siemens Gamesako langileek bart gauean hasitako martxa zer izan den haientzat.
Goizaldeko 03:00etan abiatu ziren Agoizko industrialdetik, oinez, Iruñerantz, Siemensek Gamesako lantegia ixteko erabakiaren aurka protesta eginez. Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean bururatu dute martxa, han Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak agerraldia egin duen ordu berean. Elkarretaratzea egin dute han.
Alfonso Poyo fabrikako enpresa batzordeko presidenteak komunikabideei adierazi dienez, hara joan dira Aierdiri gogorarazteko “borrokan” ari direla eta ez direla geldituko. Hitzetik ekintzetara pasatzeko eskatu diote: "Erabateko babesa dugu politikarien aldetik, baina beharrezkoa da babes hori ekintza bihurtzea; horixe da bilatzen ari garena".
Poyok itxiera espedientea atzera botatzeko eskatu du, eta kritikatu du enpresak "zenbakiak baino ez" dituela ikusten eta "eragiten duten giza dramaren berri" ez duela.
Gogorarazi duenez, arratsaldean bilera informatibo bat egingo dute Agoitzen, eta ondoren mosaiko bat. "Parte hartu nahi duen oro bertara joatera animatzen dugu", gaineratu du. Ostiralean enpresarekin bilduko dira eta larunbatean manifestazioa antolatu dute herrian.