Aierdik agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan, Navarra Suma eta EH Bilduren eskariz, enpresaren erabaki horri heltzeko. "Haserre" agertu da hainbat arrazoirengatik, besteak beste, "erabaki horrek trantsizio energetikoaren garrantziaz esparru guztietatik helarazten den mezuarekin duen inkoherentziagatik" edo "horrelako erabaki batek zonaldean duen eraginagatik". “Muturreko erabakia da, muturrekoena, eta beste aukera batzuk egon daitezke”, gaineratu du.
Siemens Gamesak Agoitzen palak egiten jarraitzea "lehentasunezko" aukera dela esan du kontseilariak, baina gobernua "hainbat aukera identifikatzeko lanean" ari dela gaineratu du. "Badira pala eolikoekin lotuta dauden batzuk Siemens Gamesa dutenak, hala nola palak birziklatzeko industria proiektu bat garatzea; Agoitzen palen jarraipena kontuan hartzea Siemens Gamesa gabe, eta beste aukera batzuk ere badaude, hala nola Siemens Gamesak trantsizio energetikoaren esparruan Nafarroan egin ditzakeen inbertsio berriak garatzea".
Aierdik azaldu duenez, bilerak egin dituzte enpresa batzordearekin, Agoizko Udalarekin, Espainiako Gobernuarekin eta enpresarekin. "Erabakia iraultzeko gure nahia helarazi diogu enpresari, eta erabaki hori saihestezina dela esan digu", azaldu du. Kontseilariaren arabera, "enpresak lantegia itxi behar duela uste du, Agoitzen ezin dituelako palak egin kostu txikiagoko beste aukera batzuk baditu; hori da gaiaren muina".
Halaber, exekutiboa “diru laguntzak aztertzen" ari dela azaldu du: "2001etik taldeak ia 13 milioi euroko diru laguntzak jaso ditu; 2001etik 2003ra 140.000 euro; 2003tik 2007ra, milioi 1 eta 2007tik 2018ra, 11,7 milioi euro. Agoizko espedienteetan, enpresari emandako laguntzaren intentsitatea %7koa da, enpresak inbertitutako 100 eurotik 7 eurokoa ", azaldu du.
Aierdik esan du ostiral honetan bilduko direla Foru Gobernua eta Espainiako enpresako zuzendaritzarekin.