Carlos Gimeno: “Epaia ez da irmoa izango eta datorren ikasturtean Skolae ezarriko dugu”

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 19a, 09:22

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak agerraldia egin du Skolae programa baliogabetzen duen epaiaren inguruan hartuko duten jarreraz informatzeko. Ziurtatu du gobernuak kasazio helegitea jarriko duela, eta eskoletan Skolae ezarriko dutela. 

“Epaia ez da irmoa izango eta Skolaearen ezarpenak bere horretan jarraituko du datorren ikasturterako. Edukia ez da baliogabetu”. Skolae hezkidetza programaren alde irmoki mintzatu da Carlos Gimeno kontseilaria ere. Atzo iragarri zuen Nafarroako Gobernuak epaiari helegitea ezartzeko asmoa zuela, eta Gimenok berretsi egin du asmo hori gaur. Azpimarratu du epaia ez dela irmoa, eta ez dela izango.

Hori dela eta, “lasaitasun eta konfidantza” mezua helarazi nahi izan die hezkuntza zentroei: “Programa aurrera aterako da”. Nabarmendu du funts publikoekin finantzatutako zentro guztiek nahitaez bete behar dutela programa, eta jakinarazi du gobernuak Foru Dekretu bat onartuko duela hura ezartzen jarraitu ahal izateko.

Izaera normatiboa

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpena, Skolae ezartzea onartzen zuena, "legez ezarritako prozedura alde batera utzi” zuela argudiatuta, xedapen orokor gisa izapidetu behar zelako (erregelamendu moduan), eta ez administrazio egintza baten bidez, programa zeharkako gai gisa sartu baitzen curriculumean. 

Horri lotuta, Gimenok esan du hezkuntza arloan adibide "ugari" daudela ez dutenak izaera normatiborik behar izan, epaitegiak dioen moduan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!