Skolaeren ezarpena baliogabetzen duen epaiari helegitea jartzeko eskatu diote sindikatuek gobernuari

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 19a, 08:56

Nafarroako Gobernuak "eskuin muturraren erasoak irmoki salatzea" ezinbestekoa dela iritzi diote LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT, ESK eta CGT sindikatuek.

LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT, ESK eta CGT sindikatuek Nafarroako Gobernuari eskatu diote helegitea jar dezala Skolaeren ezarpena baliogabetzen duen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka eta "egin ditzala beharrezko aldaketak programak aurrera egin dezan, beharrezko lege neurriak jarriz".

"Nafarroako Gobernuak eta Hezkuntza Departamentuak dena eman behar dute berdintasunaren alde, eta eskuina poztu beharrean, erasoei aurre egin eta hezkidetzan eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza inklusiboaren alde egin behar dute argi eta garbi", aldarrikatu dute.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, Foru Exekutiboak "ez du programa behar bezala ezartzeko behar den ahalegina egiten", eta "Skolae programa ezartzeari uko egiten dioten eskolak finantzatzen jarraitzen du".

Erakundeek babesa adierazi diote programari, eta iritzi diote "berdintasunaren alde ez lan egitea eta hezkidetzan oinarritutako curriculuma ez bultzatzea berdintasunaren aurkako erasoa" dela, "eta horrek bai urratzen dituela haur, nerabe eta, oro har, gizarte osoaren eskubideak". "Gaurko haurrak biharko helduak izango dira. Hezkidetzan, berdintasunean eta askatasunean hazten baditugu, gizarte justuagoa izango dugu ", azpimarratu dute.

Sindikatu horientzat, "ezinbestekoa da Nafarroako botere erreakzionario judizial, hezitzaile, mediatiko eta politikoei aurre egitea eta Nafarroako Gobernuak eskuin muturraren erasoak irmoki salatzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!