Mikel Reparaz kazetariak “beste fase batean” sentitzen du koronabirusaren krisia; gero eta gertuago sumatzen du birusa. Hala ere, etxean lehenengo astean baino “lasaiago” daudela kontatu du.
Reparaz AEBetako berriemaile izan da urte luzez, eta kritiko mintzatu da herrialde hori eta Europar Batasuna egiten ari diren krisiaren kudeaketaz. Bigarren horri dagokionez, salatu du migrazio krisiari eta beste batzuei bezala, koronabirusarenari ere ez zaiola egoki aurre egiten ari. Europa krisi politiko batean dagoela esan du, eta ekonomikoa ere “saihestezina” dela. Hala ere, suspertzea 2008koa baino azkarragoa izango dela gaineratu du.
Krisiak irakaspen handi bat utziko duela uste du: osasun publikoa babestearen garrantzia.