El Irati Trenaz eta hark Iruñean izan zuen presentziaz ia arrastorik ez dagoela ikusirik balorean jarri nahi du enpresak izandako garrantzia. Ekaiko instalazioen aurriak, industria ondarearen ezaugarriak badira ere, utzirik daude pasa den mendeko bederatzigarren hamarkadatik, eta hondatzen ari dira eten gabe.
Domingo Elizondok 1907an sortu zuen Irati SA enpresa. Ikuspegi oso batekin diseinatu zuen: Irati oihaneko egurra ibaitik behera Ekaira eraman, bertan zura egin eta trenez saltokiraino eramaten zuten. Ekaiko lantegian zerrategi bat zuen eta ikatz begetala egiteko ikaztegia. Gainera, lantegiko prozesuetan sorturiko lurrunak aprobetxatzen zituen, azido azetikoa destilatzeko eta beste produktu kimikoetarako.
Tren elektriko bat izan zuen, Iruñea eta Zangozaren artekoa, bere produktuak eramateaz gain, garraio publikoko zerbitzua eman zuena.
Enpresa berritzailea izan zen, jasangarria eta autarkikoa, garraio publikoa ematen zuena eta elektrizitate hornitzailea. Energia elektrikoa sortzeko gai izan zen ibai osoan zehar, bai beharretarako bai beste lantegi batzuk hornitzeko.