Hauteskunde emaitzak ezagutu eta 48 ordu baino gutxiagotan aurreakordioa aurkeztu dute PSOEk eta Unidas Podemosek. Akordioa lortzeko denbora gehiago behar izan dela uste du Santosek: "Duela lau urtetik ari gara adostasun horren bila. Kongresuan sartu ginenetik gure helburua izan da gobernatzea, eta behin eta berriz eskaini diogu PSOEri koalizio gobernu bat osatzea". Orain iritsi da adostasuna: "PSOEk bere gorabeherak izan ditu: Ciudadanosekin, abstentzioa PPrekin, zentsura mozioa bai ala ez... Azken finean badirudi zabaltzen ari dela hasieratik logikoa zen bidea. Nola ordaindu dugu hori? Begibistakoa da, behin eta berriz ezegonkortasuna, hauteskundeen errepikapena... Zabaltzen baldin bada momentu berri bat, eta koalizio gobernuak aurrera jarraitzen badu ontzat eman beharko dugu".
Aurreakordioak aurreikusten duen koalizio gobernua Nafarroarentzat onuragarria izanen dela adierazi du: "Zalantzarik gabe hor inbolikraturik dauden indarrak berdinak direlako". Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana "errazagoa" izanen dela sinetsita dago.
Koalizio gobernua osatzeko eta inbestidura aurrera ateratzeko babesa beharko dute bi alderdiek. "Zentsura mozioan erabilitako bidea errepikatu beharko dugu, eta elkarrizketa iraunkorra eta beste kultura politiko bat eskatzen du horrek".