5 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete Huerta de Peraltan protesta egin zuten sindikalistei

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 5a, 12:36

Grebaren eragina ahultzeko zuzendaritzak kanpoko lehengaiak erosi zituen. Greba eskubidearen kontrako neurri honi erantzuteko, furgoneta bat gurutzatu zuten Imanol Salinasek eta José Javier Osesek, LABeko kideek. Foruzainen salaketa epaitegietara iritsi zen. Bi sindikalistak ez ziren epaile aurrean azaldu. Gaur 5 hilabeteko espetxe zigorra jaso dute ekintzarengatik.

Aipatutako zigorra Fiskaltzak hasiera batean eskatutako 12 hilabeteko zigorra baino nabarmen txikiagoa da. Hala ere, beharrezkoa eta zilegia zen ekintza sindikal batek delituaren kalifikazioa jasotzea erabat salagarria da LABen iritziz. "Lan baldintzak are eta gehiago prekarizatzearren, patronalak lan arloko legedia urratzen du etengabe, Lan Ikuskaritzak, Foruzaingoak edota Fiskaltzak ezer gutxi egiten duten bitartean" adierazi dute ohar batean; aldiz, aipatutako prekaritatea salatzen duten ekintza sindikalek bide penaletik jazartzen dituztela salatu dute. "Justiziaren 'patronalizazioa' da hori" adierazi dute. 

LABek helegitea aurkeztuko du absoluzioa edo, gutxienez, gertakarien kalifikazioaren aldaketa -delitutik arau hauste administratibora- eskatuz. Era berean, ostegun honetako 12:00etan, Iruñeko Trinitarios dermiotik abiatuta, Justizia Jauregia eta CEN patronalaren egoitza sinbolikoki lotuko dituen auto-karabana antolatu du.  

"Borroka Sindikala Aurrera kanpainan orain arte adierazi dugun bezala, ez dugu onartuko prekaritatearen aurka borrokatzen duten sindikalistak espetxeratzerik" adierazi du LAB sindikatuak ohar baten bidez. "Eta prekaritateak gehien zigortzen dituen sektore horiei antolakuntza eta ekintza sindikalerako tresnak eskaintzen jarraituko dugu. Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jartzeko garaia da, gizon-emakume orok lan eta bizi duina izan dezan borrokatzeko garaia da" gaineratu dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!